XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beldur, ongizate eta atsekabe handienen arteko muga instant batean igarotzen delako; eta beldur, egun haietan enbata bortitzak zigortzen zuelako gure itsasertza.

Maiz jasan izan ditu herri honek otso beltzaren orro eta atzaparkadak; baina ordura arte, beti hegoaldetik bakarrik bideratu izan zen erasoa, eta gaitzerdi izaten zen, gorantz ihesi joateko aukera bazegoen eta.

Baina orduan, interesak tarteko, bi piztiak bat eginik hasi ziren erasoan eta bien artean menperatu nahi izan gintuzten.

Nekez ahaztuko dituzte askok egun haiek.

Nik ere ez arratsaldearen lehen ordu haietan etxeratu nintzenekoa: - Zurbil zatoz; zer gertatzen zaizu?- galdetu zenidan izututa, atetik sartzean.

Zu, unibertsitatetik etorri berria, mokauren bat egiten ari zinen, egunkaria irakurriz.

- Ez, ez zait ezer gertatzen... Tira, bai... Ez dakit!.

Begira... Badakizu egun hauetan zer ari den gertatzen; ba, lagun pare bat dago arrisku handian.

Gaur gauean etxera joan zaizkie, baina ez dituzte harrapatu.

Kontua da orain dauden lekua ere ez dela segurua... Eta orain harrapatzen badituzte, larrutu, garbitu egingo dituzte.

Lortuko balute babesik egoera pixka bat baretu arte!.

Eta minutu luze bat egon zinen isilik. Ni ere bai.

- Uste baduzu hemen ondo egongo liratekeela... - Ez, ez; ez nuen hori esan nahi.

Badakizu zer hitzeman nizun.

Nik badut beraiekiko zorrik, laguntzeko nolabaiteko obligazioarik; baina zuk ez duzu honetan nahastu behar... Ezin dizut horrelakorik eskatu.

Eta beste une luze bat egon ginen biok isilik.

- Hau leku segurua baldin bada, hona ekarri beharko zenituzkeela pentsatzen dut.

- Ez dago leku segururik - erantzun nizun.

Batzuk izan litezke besteak baino hobeak, (...).